Adituek diotenez, hau da egungo sagardotegirik zaharrena edo zaharrenetarikoa, Urumea ibaiaren ibarrean kokatua, XVI. mendeko baserrian. Bertan, belaunaldiz belaunaldi transmititutako ezagutza eta teknologia berrien laguntzaz, sagardo naturala egiten jarraitzen da.

Oraindik ere, bertako kupelen artean 100 urtetik gorakoak daude. XIX. mende bukaerako sagar jotzeko matxaka ere ikusi daiteke sagardotegi honetan. XVI. mendetik dokumentatua dagoen sagardotegi hau, beti izan da ezaguna, bai bere itxura ederragatik, bai bertan egindako sagardoaren kalitateagatik.

Aldamenean dugu Julian Arrieta, oraingo nagusiaren birraitona, 1900. urte inguruan egindako argazkian. Betidanik ezagutu zuen tolarea bere etxean eta beti sagardogintzan aritu zen. 1916. urtean maizter egotetik nagusi izatera pasa zen. Peñaflorida kondeari erosi zizkion baserria eta lurrak. Bederatzi alaba izan zituen, eta etxean Juana geratu zen. Jose Marirekin ezkondu, eta beraiek jarraitu zuten sagardogintzan.

Urte txarrak etorri ziren, eta sagardoak behera egin arren, eutsi egin zioten lan honi. Egurgintzan ere aritu ziren XX. mende horretan, eta Donostian saltzen zuten egurra. Hurrengo belaunaldiak, gaurko nagusien gurasoak, ezagutu zuten sagardoaren eta txotx-aren gorakada, eta gaur egungoek ere hor darraie sagardogintzari eutsiz.

Oraingo instalazioak, tolare eta matxaka zaharrak, upelak, gainontzeko makinaria, eta abar, XVI. mendeko baserrian eta alboko lokalean kokatuta daude. Lokal hori, garai batean (XIX. mendea) astilleroa izan zen, Gartziategin portua baitzegoen. Urumea ibaian zehar etortzen ziren gabarrak beren karga hustu eta betetzera.

Gorenak - Sagardoen Euskal Selekzioa

Izenak berak dioen bezala, bertakoak eta kalitate gorenekoak diren sagardoak identifikatzen dituen marka da.

GORENAK txapela daraman sagardo botila bakoitzak kalitate kontrolak gainditu, eta nota onak atera ditu Fraisoro Laborategiko dastaketa akreditatuetan.

Gutxiek ziurtatu dezakete hori. Horregaitik da GORENAK, sagardoen euskal selekzioa.